Autonomia erkidegoek eta udalek mahai gainera atera dituzte ordaintzeke dituzten fakturak

17.000 milioi euro baino gehiago zor diete autonomia erkidegoek hornitzaileei; lana egin bai, baina ez dute kobratu.Eta horri udalen zorra gehitzen badiegu, guztira ordaintzeke dagoenak 27.000 milioi euro egiten ditu.Benetako drama, administrazioen egoera ez ezik, enpresena ere kontuan izaten badugu.

Egoera horretaz jabeturik, Espainiako Gobernuak plan bat diseinatu du, finantza-erakunde guztien eta ICOren partaidetzarekin, ordaintzeke dauden faktura guztiak azaleratzeko, eta, administrazio bakoitzak zorra onartu ondoren, zordunek zuzenean kobratu ahal izango dizkiete finantza-erakundeei.

Ordainetan, autonomia erkidegoek eta udalek beren gain hartuko dute zor hori, finantza-zor berri gisa; eta gehienez ere hamar urteko epean itzuli beharko dute, bi urteko gabealdiarekin, eta % 5en inguruko interes-tasarekin.

Ogasun ministroak esan duenez, zifra horrekin dezenteko likidezia emango zaie autonomoei, eta enpresa txiki, ertain eta handiei.

Gainera, ziurtatu du “bateragarria” dela udalek eta autonomia erkidegoek horrelako egoerak berriro gerta ez daitezen aurkeztu beharra dauzkaten egonkortasun-planekin.

Ogasun ministroak esan du planari heldu dioten erkidego guztiei erantzungo zaiela, eta “zordun” guztiei ordainduko zaiela.

Horren truke, Gobernuak ekonomia-planak exijituko dizkie autonomiei, mailegua berreskuratzea bideragarri egiteko.Plan horiek Ministeriora bidali beharko dira, apirila bukatu baino lehen.

Maiatzaren lehen hamabostaldian Zerga eta Finantza Politikako Kontseilua egingo da, autonomia erkidegoen 2012ko aurrekontuak nola burutzen ari diren aztertzeko, eta desbideraketak saihesteko.

Informazio hori eskuan, Gobernuak Egonkortasunari buruzko Legeak jasotako tresnak (prebentzioa, zehapena eta esku-hartzea) aplikatu ahal izango ditu eta legeak aurreikusten dituen tresnak “berehala” jarriko ditu martxan.

17 autonomia erkidegoetatik 3k baino ez diote uko egin eskaintzari: Euskadik, Nafarroak eta Galiziak.Horrek esan gura du, ez daukatela atzeratutako fakturarik ordaintzeke, eta ez dutela ez-ohiko finantzaketa-plan horretan sartzeko beharrik.

Gainerako autonomia erkidegoei dagokienean, zorraren zatirik handiena Valentziako autonomia erkidegoarena da, 4.000 milioi eurotik gorako zorra baitu. Atzetik ditu, Andaluzia, ia 2.800 milioi eurorekin, eta Gaztela-Mantxa, 2.500 milioi eurorekin.Kataluniako Generalitateak 1.984 milioi euroko zorra du, eta Madrilgo autonomia erkidegoak, 1.270 milioi euro.

Deigarria da Madrilgo Autonomia Erkidegoak, 2011 bukatu zenean defizitaren muga bete zuen erkidego bakarra izanik, % 1,13ko defizitarekin, orain 1.279 milioi euroko atzeratutako gastua izatea (ordaindu gabeko fakturak, alegia).

Zorraren zatirik handiena osasun arloko, farmaziako eta obra zibilaren eraikuntzako gastuen ondorio da.

Informazio gehiago nahi izanez gero:

http://www.cincodias.com/articulo/economia/deuda-autonomias-proveedores-suma-17255-millones/20120418cdscdieco_8/

http://www.elmundo.es/elmundo/2012/04/17/economia/1334660217.html?cid=GNEW970103

http://www.expansion.com/2012/04/21/economia/1335012978.html

http://www.elmundo.es/elmundo/2012/02/28/economia/1330419763.html

Share and Enjoy:
  • Print
  • Digg
  • StumbleUpon
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Yahoo! Buzz
  • Twitter
  • Google Bookmarks

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude