Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak Zerbitzu Publikoari ematen zaion Nazio Batuen Saria (UNPSA) irabazi du

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren “Etxebizitza gaietan, zure iritzia kontuan” partaidetza proiektuak irabazi du Zerbitzu Publikoari ematen zaion Nazio Batuen Saria (UNPSA), zerbitzu publikoaren bikaintasunari ematen zaion nazioarteko aintzatespenik garrantzitsuena.

Etxebizitza Sailak ekainean jasoko du Saria New Yorken, ekainaren 25etik 28ra, sektore publikoak gobernantza egokiaren barruan betetzen duen tokia aztertzeko eta eztabaidatzeko Nazio Batuek antolatu duten jardunaldietan. Jardunaldi horien buru Nazio Batuko presidentea izango da, eta bertan, mundu osoko erakunde eta instituzio askotako goi agintariek eta ordezkariek hartuko dute parte.

Iñaki Arriola Etxebizitza sailburuak bere poztasuna eta harrotasuna erakutsi du saria lortzeagatik, “Nazio Batuek, Gobernu honek politika egiteko era berritzaileari emandako beste aintzatespen bat baita. Gure politika honen barruan, gardentasunak eta hiritarren partaidetzak oso toki garrantzitsua betetzen dute Jaurlaritzak martxan jarritako jarduketa ildoak diseinatzeko eta ebaluatzeko orduan” Izan ere, epaimahairen iritziz, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako ekimenak, Euskadiko administrazioak eskainitako zerbitzu publikoa hobetzen lagundu du, eta etorkizuneko egitasmoetarako inspirazio iturri izango da.

Arriolak eskerrak eman dizkie sari hau lortzea posible egin duten pertsona guztiei, egitasmoan lan egin duten eta beraien partaidetzaren eta ekarpenen bitartez laguntza eman duten guztiei. Eta Etxebizitza Sailak hiritar guztien ekarpenak eta iradokizunak kontuan izaten jarraituko duela ziurtatu du.

“Argi eta garbi izan dugu beti hiritarren partaidetza ezinbesteko elementua dela politika egiteko orduan. Sari honek gure konpromisoa berresten du eta bide horretatik jarraitzera animatzen gaitu”, adierazi du Arriolak.

Izan ere, Etxebizitza Sailak, hiritarren partaidetzarako prozesu berria jarri du martxan, etxebizitzak esleitzeko sistema eta Etxebideren zerbitzua hobetzeko amaitzen ari den Aginduan oinarriturik.

Proiektu irabazlea

Hiritarren partaidetza bultzatzen duen prozesuaren bitartez, Etxebizitza sailak gizarte berrikuntzari, transferigarritasunari, iraunkortasunari, gardentasun demokratikoari eta, batez ere entzute aktiboari eta partekaturiko konpromisoari buruzko esperientzia berriak bildu ditu. Horrez gain, prozesuan parte hartu duten milaka hiritarrek oso ongi baloratu izan dute.

Eusko Jaurlaritzaren proiektuak otsailean gainditu zuen lehen galbahea, apirilean lehiaketaren finalera itzulira iritsi zen, eta orain, azkenik, lehiaketa irabazi du Europa eta Ipar Amerikako eskualdearen barruan, “Erabaki publikoen prozesuetan herritarren partaidetza hobetzen mekanismo berritzaileen bidez” izeneko kategorian, hain zuzen.

Aurten 471 hautagai aurkeztu dira sarietarako, kategoria guztietan, hau da, 2011n aurkeztutakoak baino %58 gehiago.

Inoiz aurkeztu den hautagai kopuru handiena aurkeztu da aurten, baita parte hartu duten estatu kideei dagokienean ere. Izan ere, 2011n 57 estatu aurkeztu ziren eta aurten, sarietan lehenbizikoz parte hartu duten 16 estatuez gain, 73 aurkeztu dira guztira, 2008ko parte-hartzearen (39) ea bi halako, alegia.

Etxebizitza Sailak aurkeztutako proiektu horrek etxebizitzako politika publikoak diseinatzean garatu diren partaidetzako hiru proiektuetan herritarren partaidetzaren aldeko apustu berritzailea biltzen du.

  • Hasteko, erakundeekin, gizarte eragileekin eta gizarte sareekin batera partaidetza prozesua abiatu zen, etxebizitza politikaren epe luzeko estrategia ildoei buruzko adostasuna lortzeko; emaitzak Etxebizitzaren Itun Soziala 2010-2025 lanean islatu zituzten, eta agiria ia 80 erakundek eta gizarte eragilek sinatu zuten.
  • Programaren estaldura orokorra adostu ondoren, Eusko Jaurlaritzarako etxebizitza planerako jarraibideak osatzen laguntzeko eskatu zitzaien herritarrei, hau da, legegintzaldiko 4 urteetarako Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren jokabide ildoak zehazten laguntzeko, 2010-2013 aldirako Etxebizitzaren eta Hiri Berrikuntzaren Plan Zuzentzailea; fase horretan 16.000 pertsonak baino gehiagok hartu zuten parte, eta planteatu zituzten ekimenen ia % 70 bildu ziren.
  • Diseinatutako etxebizitza politika arauz estaltzeko, Sailak herritarren partaidetzarako beste proiektu bat abiatu zuen Etxebizitza Legearen Aurreproiekturako; honako honetan, aldiz, 17.000 pertsona baino gehiagoren iritziak batu ziren, eta hobetzeko ia 200 proposamen egin zituzten; gaur egun, dagokion izapide-bidean jarraitzen du.

UNPSA sariak

UNPSA sariak Nazio Batuen Gai Ekonomiko eta Sozialetarako Sailaren Administrazio Publikoaren eta Garapenaren Kudeaketaren Atalak kudeatzen ditu.

Munduko herrialde guztietan administrazio publiko eraginkorragoa eta ahalik eta erantzun-gaitasun handiena duena garatzeko erakunde publikoen lorpenak eta haien sormenezko ekarpenak aitortzea da sari horien helburua. Administrazio publikoaren eginkizuna, bere profesionaltasuna eta ikusgarritasuna sustatzen duen urteroko lehiaketaren bitartez, gobernantzarako berritasunak bilatzea, berrikuntza sustatzeko funtzionario publikoak motibatzea, zerbitzu publikoaren irudia gorestea, gobernuarekiko konfiantza areagotzea eta arrakasta izan duten praktikak biltzea eta zabaltzea da, gure herrialdean bertan eta beste herrialde batzuetan gauzatzeko.

Share and Enjoy:
  • Print
  • Digg
  • StumbleUpon
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Yahoo! Buzz
  • Twitter
  • Google Bookmarks

One Response to Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak Zerbitzu Publikoari ematen zaion Nazio Batuen Saria (UNPSA) irabazi du

  1. Ricardo Cuen says:

    Me satisface de ser un visitante de este pagina web! Gracias por la aclaracion! .

Utzi erantzuna Ricardo Cuen(r)i Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude