BABESPEKO ETXEBIZITZAK STOCK-EAN, SALDU EZINIK

Duela oso gutxira arte, babespeko etxebizitzak zozketatzen genituenean, Gabonetako Loteria zozketatzen ari ginela ematen zuen. Aretoa lepo, jendea urduri, eta zenbakiak dantzan eta kantuan, ea norena ateratzen zen, ea nor zen zorionekoa, hark ez baitzuen milioikako hipoteka beharrik izango.

Baina halako batean, krisia iritsi zen, eta han amaitu ziren horrelako kontuak. Batzuk babespeko etxebizitzari uko egiten hasi ziren, eta gu, administrazioa, aho zabalik, nola zitekeen ulertu ezinik. Krisiaren lehenengo hilak besterik ez ziren.

Orain, zenbatek uko egiten duen ikusita, eta krisia zuzenduko ote den itxura handirik ez dagoela-eta, Etxebideren araubidea bera aldatu behar izan dugu (“Informazio gehiago” ataleko linka ikusi), hartara, etxebizitzak esleitzeko prozedurak erraztearren eta arintzearren, baina, batez ere, etxebizitza-premiei zentzu handiagoz erantzuteko.

 

Kontua da, besteak beste, babes ofizialeko etxebizitzak merkatura ateratzea, ahalik eta arinen, berdin diolarik lehen, bigarren edota ondorengo esleipenean izan.

Aurrerantzean -eta hauxe da aldaketarik nabarmenetako bat-, eskari-egileek, Etxebiden inskribatzen direnean, etxebizitza errentan hartu edo erosi egin nahi duten aukeratu beharko dute, eta, gainera, egiten duten aukera horretako promozioetan eman beharko dute izena.

Gobernu zentralak berak ere onartu du babes ofizialeko etxebizitza-stocka hasia dela kezkagarria izaten, eta uko egiten duen jendearen zenbatekoa ez dela, dagoeneko, bitxikeriatxo bat.

Ez da erraza babespeko etxebizitza-stocka zenbatekoa den esatea, ez baita zehatz-zehatza, edo ezberdina baita, zein autonomia-erkidegotara begiratzen dugun. Baina arazoa hortxe dago, eta hasi da marmarra entzuten, eta ez Sustapen Ministeriotik oso urrun, ez ote den hobe izango, besteak beste, babespeko etxebizitzen prezioa eskari-egileen gaitasun ekonomikora egokitzea. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoan esate baterako, etxebizitza libre bat erostea babespekoa erostea baino bi bider garestiagoa izan daiteke; baina, Gaztela-Mantxan, babespeko etxebizitzak garestiagoak dira libreak baino, eta, horrela, jakina, nork nahiko du administrazioak sustatutako etxebizitzarik?

Ondorioz, bateko krisia eta besteko familien estuasun ekonomikoak direla-eta -eta argi ibili ez ote duten aditurik arituenak esandakoa baino gehiago iraungo-, herri-administrazioek beste konponbide batzuk aurkitu behar dituzte, herritarren benetako arazoetatik geroz eta hurbilago, baina, batez ere, konponbide arinak eta eraginkorrak.

Jada ez da nahikoa babespeko etxebizitzak sustatzea, eraikitzea edo kudeatzea; behar duenaren eskura iristea lortu behar dugu, eta bizkar gainean dugun errealitatearen araberako prezioetan.

Informazio gehiago:

http://www.cincodias.com/articulo/economia/gobierno-admite-hay-stock-vivienda-protegida/20121128cdscdseco_11/

http://www.etxebide.euskadi.net/x39-contgen/es/contenidos/nota_prensa/npetxe121031_orden_etxeb/es_npetxe/npetxe.html

 

 

Share and Enjoy:
  • Print
  • Digg
  • StumbleUpon
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Yahoo! Buzz
  • Twitter
  • Google Bookmarks

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude