ETXEBIZITZEN STOCKA AZTERGAI

Sustapen Ministerioak argitara eman dituen azken datuen arabera, 2011ko abenduaren 31n 676.038 etxebizitzako stocka zegoen Espainian saltzeke.

2005. urtetik aurrera, saltzeko zeuden etxebizitzen kopuruak gorako bidea hartu zuen arren, –200.000 etxebizitzarekin hasi eta 2009an 700.000 etxebizitzako errekorra erdietsi arte–, badirudi 2010ean kontrako bidea hartu duela eta 2011n ere, poliki-poliki, baina beheraka jarraitzen duela.

Baina, bilakaera hori ez da berdina izan estatu osoan. Valentzia, Andaluzia eta Kataluniako autonomia erkidegoetan biltzen da stock osoaren % 51 baino gehiago; eta beste batzuetan aldiz, EAEn, Astusiasen eta Kantabrian, esaterako, ez du % 2 gainditzen.

Euskal Autonomia Erkidegora etorriz, Gipuzkoan bakarrik hazi da stock hori 2010ean, eta Bizkaian eta Araban nabarmen jaitsi da; % 15 eta % 8,  hurrenez hurren.

Hona hemen, Espainian saltzeke dauden etxebizitzen mapa:

Garbi dago zifrek kezkagarriak izaten jarraitzen dutela, eta datu ekonomikoen argitan ezin daitekeela espero epe laburrean konponbide azkar bat izatea sustatzaile, kooperatiba eta jabe-erkidegoentzat.

Hala eta guztiz ere, zenbait analistaren aburuz, 2012 urtea inflexio-puntu interesgarria izan daiteke, etxebizitza-eskaria aztertuz gero, ez-egoiliarren aldetik salmentarako goranzko joera ikusten baita, batez ere, Erresuma Batuko, Alemaniako eta Eskandinaviako erosleen aldetik.

Horrela bada, stockaren % 24 xurgatuko bide dela uste dute, –urtea 600.000 etxebizitza ingururekin bukatuko delarik–, eta 2013an susperraldia nabarmenagoa izatea aurreikusten dute.

Catalunyacaixako Azterlanen Zerbitzuak uste du 2012 urtearen bigarren zatian dezente jaitsiko dela stocka, baina ez datoz bat arrazoiekin. Probintzia barruko mugikortasuna izango omen da salmenta kopurua apur bat igotzearen arrazoia; izan ere, etxebizitza berrien eraikuntza nozitzen ari den geldialdiak eta nahi den udalerrian etxebizitzarik ez aurkitzeak, eskaintza handiagoa dagoen herrietara mugitzea  behartuko baitu jendea.

Nolanahi ere, etxebizitzaren merkatua eta stockaren salmentan eragiten duten elementu desberdinak hartu behar dira kontuan, hala nola, familia berrien sorrera, enplegua, finantza-saneamendua eta hipoteka-kredituak zirkulazioan jartzea, etxebizitzen prezioaren bilakaera, etab.

Informazio gehiago:

http://www.catalunyacaixa.com/docsdlv/Portal/Ficheros/Documentos/Immobiliari_enero_2012.pdf

http://www.fomento.gob.es/MFOM/LANG_CASTELLANO/ESTADISTICAS_Y_PUBLICACIONES/INFORMACION_ESTADISTICA/Vivienda/Estadisticas/Stock/

Share and Enjoy:
  • Print
  • Digg
  • StumbleUpon
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Yahoo! Buzz
  • Twitter
  • Google Bookmarks

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude