Badira kasu bitxi batzuk (Santander bankuak, esate baterako, hartu baino higiezin gehiago saltzen du, hori bai, salneurriak % 40 baino gehiago jaitsi ondoren), baina, Espainiako bankuen artetik, ia bat ere ez dabil lantegi horretan “probetxuzko” ezer egiten.
Izan ere, urtarriletik ekainera bitartean, finantza-erakundeek 18.000 baino etxebizitza gehiago saldu dituzte (neurri batean, banku txarra badatorrela-eta apur bat behartuta, hark galerak agerian jarraraziko dizkie-eta), baina hala ere, stocka hazi eta hazi ari da.
Kopuruak beldurgarriak dira. 2012ko lehenengo 6 hilabeteetan, CatalunyaCaixak merkatuan 3.700 higiezin “kolokatzen” moldatu da, Bankiak 2.400 jarri ditu, eta Novagalicia ia 1.500z libratu da. Baina, denen artetik finena, Banco Santander, zeinak 6 hilabetetan 6.700 etxebizitza birkolokatu baitu.
Eta nola egin duen? Bankuak berak azaldu duenez, salneurriak asko merkatu ditu, baina, gainera, beste bi gako ere aipatu ditu: multzoka saltzea, ez banan-banan; eta, urrunago begiratuz, eta ez merkatu nazionalera soilik, bigarren etxebizitza bat nahi duten atzerritarrei aukera bat ematea.
Edonola ere, finantza-erakunde gehiegi dago adreiluz tope eginda, kezkatzeko moduan tope eginda. Kontuak ateratzeko: lehen seihilekoan bertan izandako igoeraren ondorioz, orain, etxebizitza eta lursailetan 11.600 milioi euro gehiago dauzkate, hau da, guztira, 85.000 bat milioi euro.
Oraingoz, aitortu dute esku artean dituzten higiezinen prezioetan 35.000 milioi euro baino gehiagoko jaitsiera izan dela, eta, horri esker, lehen baino hobeto daude finantza-sistemaren azkeneko erreformaz geroztik legeak eskatzen dizkien dotazioak osatzeko: etxebizitza amaituetan, % 35; eta lurzoruan, % 80.
Informazio gehiago nahi izanez gero: