Higiezinen sektorea depresio izugarrian murgildurik dago, ezin burua atera ez etxebizitzak merketuta, ez hartzekoak dituzten neurri fiskalak aplikatuta, ez eta banku txarra iragarrita ere (ikus OVV-ren web-orriko artikulu hau: http://viviendaeuskadi.blog.euskadi.eus/2012/09/07/bad-bank-el-banco-malo-sociedad-de-gestion-de-activos-entra-en-accion).
Eskaria eskasa da oraindik eta ez dauka modurik indarberritu eta garai bateko bidetik joateko berriz, nahiz bide hura askoz errazagoa izan ekonomikoki. Eta ez da zaila: estatistikek diotenez (batzuek, behinik behin), prezioek % 32 baino gehiago egin dute behera.
Kasu batzuetan, adibidez, Mediterraneoko kostaldean, are gehiago: % 40 ere jaitsi dira han.
Hala eta guztiz ere, datuek erakusten dute prezioek behera egiteak ez duela etxe gehiago saltzea ekarri. Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) eskuartean dituen zifren arabera, aurtengo lehenengo sei hilabeteetan 163.000 saleroste izan dira, eta 2011ko aldi berean, 206.000 salerostetik gora izan ziren. Eta, halere, oso urrun daude zifra horiek 2007ko zifretatik: orduan 432.000 etxebizitza baino gehiago saldu eta erosi ziren.
BBVAren ikerketa-zerbitzuan, langabezia eta tentsio finantzarioak ikusten dituzte gorabehera honen oinarri. Izan ere, urte amaiera alderako egoerak apurtxo bat hobera egingo duela esaten badute ere, oraingoz, ekonomiaren pattalaldiak, langabezia ugaritzeak eta finantzaketa eskuratu ezinak askoz zailagoa egiten dute behera eta behera garamatzan espirala etetea.
Aditu batzuek diotenez, krisia hasi zenetik prezioak % 30 – % 32 jaitsi diren arren, oraindik beste % 10 edo % 25 gehiago ere jaitsi daitezke. Hori dela eta, optimista batzuek uste dute 2013. urte erdirako egonkortuko dela merkatua, baina beste batzuek konponbidea 2016 urterako luzatzen dute.
Eta ez da harritzekoa, etxebizitzen salerosteari buruz INEk abuztuan ateratako datuek errekor negatiboa azaleratu baitute: 2007tik honako serie historikoko zifrarik baxuena, 27.000 etxebizitza.
Autonomia-erkidegoka aztertuta, Asturiasen eta Errioxan jaitsi dira nabarmen prezioak, % 57, Galizian % 56, eta Murtzian, % 52.
Hala, enplegua eta kreditua hobetzen ez diren bitartean, etxeen prezioa gainbehera amilduko da, eta horrek, jakina, epe laburrean eta ertainean irtenbidea aurkitu ezinik dabilen merkatu deprimitua are gehiago ahuldu besterik ez du egingo.
Informazio gehiago nahi izanez gero:
http://www.tinsa.es/es/4857/prensa/notas-prensa/ano-2012/publicacion-imie-agosto-2012.html