ITSASERTZEN LEGEAREN ALDAKETA DELA ETA

Itsasertzen babeserako eta erabilera jasangarrirako eta Itsasertzen 22/1998 Legea aldatuko duen Lege berriaren behin betiko testua oraindik ez badaukagu ere, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak argitaratu ditu jada itsasertzaren babesarekin lotutako aldaketarik garrantzitsuenak.

Ministerioak egindako analisien arabera, araudi horren eraginpean daude bizitegitarako ez diren 23.000 okupazio, jabari publikoan 10.000 etxebizitzatik gora eta industriakoak diren 1.700 okupazio baino gehiago.

Andaluzian bakarrik, 40.000 enplegutik gora egongo omen dira eraginpean.

Egungo krisiaren  eta higiezinen merkatuak bizi dituen zailtasun gordinen testuinguruan, Espainiako Gobernuak beharrezkotzat jo du antolamendu berri bat, iragan ez oso urrutikoan egindako jarduketa askok herritarren zein enpresen artean eragin dituen ziurgabetasuna eta segurtasun juridiko eza lasaitzeko asmoarekin.

Hiru dira ministerioak finkatutako helburuak:

  1. Itsasertzaren babesa indartu, ekonomia-jarduera jasangarriekin eta jabari publikoaren erabilera komun eta doakoarekin  bateragarri izan dadin. Horretarako, eraikin berriak egiteko debekua indartuko da, baita dauden eraikinen eraberritzea ukatu ere, horrek eraikinen bolumena, altuera edota azalera handitzea badakar.
  2. Segurtasun juridikoa indartu itsasertzean: jabari publikoa noraino iristen den argituko da batez ere, baita itsas-lehorreko urbanizazioen egoera ere. Bestalde, herritarrei bermatu egingo zaie euren jabetzei edo eskubideei buruzko informazioa eskuragarri izango dutela.
  3. Konfiantza eta ziurtasuna sortu itsasertzeko egungo okupazioetarako eta ekonomia-jardueretarako. Horretarako, 75 urtera zabalduko da, gehienez ere, emakiden epea eta baimenena urte batetik lau urtera, gehienez ere.

Funtsezkoak diren beste gai batzuk ere jorratu dira:

Anti-Algarróbico izeneko klausula (itsasertza suntsitzearen ikono bihurtu zen Costa del Sol-eko El Algarróbico hotelaren izena darama). Klausula horren arabera, Gobernuak ahalmena du administrazio bidean eteteko itsas-lehorreko jabari publikoa kaltetu dezaketen tokiko administrazioek hartutako akordioak.

Bereizi egingo dira hiri-ondartzetako jarduketak (erabilera handia dute eta zerbitzu gehiago eskatzen dute) eta hondartza naturaletakoak. Hauetan, ingurumen-balioak babestu eta okupazioak mugatu egingo dira.

Historikoki kontsolidatutako guneetako zenbait kasu berezi arautu egingo dira, hala nola zenbait gatzaga eta itsas lugintza, baita itsas-pasealeku polemikoak ere.

1988ko Itsasertzen Legea dela-eta, hainbat jende geratu zen ondasunik gabe desjabetze bidez. Ordainetan, 30 urteko erabilera-emakidak jaso zituzten, eta orain, lege berriarekin tarte hori 75 urte arte luzatuko zaie, emakidak eskualdatu ahal izango dituztelarik, gainera.  Izan ere, 2018. urtean bakarrik, 1.100 etxebizitza ingururen emakidak amaituko dira, eta berez, eraitsi egin beharko lirateke.

Horrez gain, higiezin bat erosi nahi duen herritarrari segurtasun juridikoa eman nahi zaio, ustekabe ez atseginik izan ez dadin; hau da, higiezina erosi eta gero, ondasun hori jabari publikoaren mugatzeak eraginda dagoelako haren jabea ez dela egiaztatzen duenean. Horrekin, irudia hobetu nahi da inbertsiogile atzerritarrei begira, baita etxebizitzen stock-ari irtenbidea eman ere.

Izan ere, merkatu nazionalaren beherakada nabarmena denean eta etxebizitzen stock-ari irtenbidea emateko zailtasun handiak daudenean, Gobernu zentralak nolabaiteko ziurtasunak behar ditu atzerriko bere ekintza komertzialetarako, kostaldeko eta barnealdeko etxebizitzen stock-ari irtenbidea emateko eta higiezinen arloko inbertsioei erraztasunak emateko, alegia.

Horrela bada, bereziki babestu beharreko guneetan ingurumenaren eta jabari publikoaren aurka egindako bista-bistako egoerak arindu ordez, orain lehentasuna emango zaio merkaturatzeari.

Ezkutuko amnistia honek, bada, sentsazio kontrajarriak sortzen ditu. Batetik, bistakoa da familia asko modu ankerrean engainatu dituztela, mugaketa arbitrarioak egin direla eta barkamen orokor hori gabe negozio askok itxi egin beharko luketela. Baina  egia da ere, amnistia orokorra eman da onartu egiten dela, nolabait, egoera hau sortu duten benetako elementu kartzinogenoen aurka ekiteko ezintasuna. Eta alemaniarrei, frantsesei eta gainontzeko europarrei, nahikoa dirua izanda, atea irekitzen zaie etxeak erosteko hondartzako lehen lerroetan.

Edozein modutan, aztertu egingo dugu legearen behin betiko testua eta egiaztatu egingo dugu hemen adierazitakoak noraino iristen diren.

Informazio gehiago:

http://www.magrama.gob.es/es/prensa/noticias/el-gobierno-da-luz-verde-al-proyecto-de-ley-de-protecci%C3%B3n-y-uso-sostenible-del-litoral-y-de-modificaci%C3%B3n-de-la-ley-de-costas-/tcm7-223892-16

http://www.abc.es/20121005/sociedad/abci-claves-costas-201210051624.html

Share and Enjoy:
  • Print
  • Digg
  • StumbleUpon
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Yahoo! Buzz
  • Twitter
  • Google Bookmarks

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude