Duela gutxi, blog honetan bertan, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak epaileei eskatutako txosten batean jasotako 18 neurriak aipatu genituen. Baina txostena eskatu zutenek azkenean ez zuten kontuan hartu han jasotakoa.
Orain, egun gutxi batzuk baino igaro ez direnean, dramak azaleratzen dituen zenbakiak beldurgarriagoak dira. Eta hainbeste dira eta hain ondorio lazgarriekin, ezen gizarte zibilak komunikabideak eta alderdiak mugiaraztea lortu baitu, larrialdietako lehen sorospen gisa jarioa geldiarazteko zerbait egiten saia daitezen.
Badirudi ikusten hasiak garela edozein bota dezaketela bere etxetik, bizitzan gauzak okertu ondoren (eta langabeziaren datuen arabera gero eta jende gehiagori gertatzen zaio hori) zorioneko hipoteka ordaindu ezinik geratzen denean.
Izan ere, Espainieraren Erret Akademiaren arabera, hipotecar aditzak badu bigarren esanahi bat ere, oso harira datorrena, gainera: “Zerbait arriskuan jartzea, ekintzaren batekin”. Eta argibide gisara, esaldi bat jartzen dute: Si hicieras eso, hipotecarías tu libertad (hori egiten baduzu, zure askatasuna hipotekatuko duzu).
Espainiako Gobernuak Errege Lege Dekretu bat onartu du, presakako prozeduraren bidetik, eta erabateko konponbidea ez bada ere, nolabaiteko enpatia bederen erakusten du, eta orain arte ez zegoen horrelakorik.
Araua egin dutenek onartzen dute izugarrizko triskantza soziala bizitzen ari garela, eta ondorioz, Errege Lege Dekretuaen bidez, hipoteka-betearazpenaren prozedura aldatu ez duten arren (eta, hortaz, etxebizitzak bankuari esleitzeko prozesuak eta jabeek etxebizitzak galtzeko prozesuak aurrera jarraituko duen arren), 2014ko azaroaren 16ra arte behintzat galarazi egiten du jendea etxetik kanpora botatzea. Pertsona horiek gainera, etxebizitza berean bizitzen jarraitu ahal izango dute, bi urtez, doan.
Etendura hau aldi baterakoa da (bi urte), eta gainera, kalteberatasun bereziko egoera bat adierazten duten eskakizun batzuk bete behar dira:
a.) familia ugaria
b.) bi seme-alaba dituen guraso bakarreko familia-unitatea
c.) hiru urte baino gutxiagoko haurren bat duen familia-unitatea
d.) familia-unitatean, lan-merkatuan sartzea ezinezko egiten dion desgaitasun, mendekotasun edo gaixotasunen bat duen kide bat izatea
e.) hipoteka zor duen familia-unitateko kidea lanik gabe egotea eta langabeziako prestazioa agortuta edukitzea
f.) Familia-unitateko kideetako bat genero-indarkeriaren biktima izatea
Eta horri inguruabar ekonomiko zehatz batzuk gehitu behar zaizkio:
a.) Familia-unitatearen diru-sarrerak ez dira urtean 19.200 euro baino gehiago izango.
b.) Eskabidea egin aurreko 4 urteetan, hipotekak familiaren errentatik hartzen zuena 1,5 aldiz bidertu izana.
c.) Hipotekaren kuota familia-unitate osoaren diru-sarrera garbien % 50 izatea
d.) Hipoteka, zordunak jabetza duen etxebizitza bakarraren gainekoa izatea
Hala ere, legegileek egoera nolabait ulertzen dutela ikusten bada ere, Errege Lege Dekretua ez da behar bezain sakona, eta motz geratzen da.
Izan ere, etxebizitza, banku ez den hirugarren batek eskuratzen badu, arauak ez ditu jabeak babesten. Bestela esanda, etxebizitza enkantera ateratzen bada, eta partikular batek edo higiezinen agentzia batek erosten badu, etxebizitzaren jabe zen familia bota egin ahal izango dute etxetik, nahiz eta eskakizun guztiak bete.
Gainera, arau berri horrek ez ditu berandutza-korrituak geldiarazten, hau da, utziarazpena eteten den bi urte horietan, zorrak gora egingo du, eta berandutza-korrituak igotzen jarraituko dute, kitatu gabe dagoen zorrari dagokionez.
Bestetik, gizarte-bazterkeriako arrisku larria duten kolektibo gehiegi uzten ditu babesik gabe, hala nola, pentsiodunak, ardurapean seme-alaba bakarra duten guraso bakarreko familiak edo bi seme-alaba edo jarritako mugatik gorako diru-sarrerak dituzten familiak.
Seguruena, esperantza gehien sortzen duen araudi berriaren zatia Xedapen Gehigarri Bakarra dugu; izan ere, gobernuari agintzen dio bankuen eta kutxen jabetzakoak diren etxebizitzekin etxebizitzen gizarte-funts bat sortzeko, etxebizitza utziaraztera behartu duten jendearentzako (bankuek dauzkaten bost etxebizitzatatik bat familiei kendutakoa da).
Eta hobe dugu alokairu sozialerako etxebizitzen funts hori tresna baliagarria izatea eta ondo funtzionatzea, zeren eta bestela, zer gertatuko zaie arauaren onuradunei, bi urteko atzerapena igaro, eta beren egoera goitik behera aldatu ez bada?
Informazio gehiago:
http://www.elcorreo.com/vizcaya/v/20121116/pvasco-espana/gobierno-usar-pisos-banco-20121116.html
http://www.boe.es/boe/dias/2012/11/16/pdfs/BOE-A-2012-14115.pdf
http://politica.elpais.com/politica/2012/11/16/actualidad/1353099253_599725.html