ETXEBIZITZA BABESTUEN ETA LIBREEN PREZIOAK

Etxebizitzaren prezioa geroz eta gehiago ari da doitzen. Urte arteko bariazioa negatiboa izan da, baina minimoa: 2015eko lehen hiruhilekoan, Espainian, etxebizitza libreetan eraikitako m2 bakoitzaren batez besteko prezioa 1.457,9 €-koa izan da; hortaz, hiruhileko bariazioa % -0,36koa izan da, eta urte artekoa % -0,11koa. Hau da, ia-ia geldirik egon da.

Sustapen Ministerioaren estatistika historikoetan begiratzen badugu, ikusiko dugu 2008ko erdialdetik m2aren batez besteko prezioa % 30,4 jaitsi dela. Baina, itxura denez, amaitu dira beherakada ikaragarri haiek.

Etxebizitza babestuei dagokienez, berriz, araubide erkideko autonomia-erkidegoetan, prezioaren erreferentziatarako erabiltzen diren moduluen prezioa etxebizitza libreen merkatuan baino askoz gutxiago aldatu da.

Hori dela-eta, eraikita zeuden BOEn salmentak moteldu egin dira, eta oraindik ere hortxe daude, sustatzaileen kontuak estutzen. Ezin harritu, beraz, Espainiako Arartekoaren txostenak eman dituen kopuruekin, alegia, 13.500 etxebizitza babestu hutsik daudela, eta udaletan eta erkidegoetan 330.000 eskatzaile dagoela inskribaturik.

Horrek esan nahi du etxebizitza librea ari dela bere prezioa doitzen, aurreko prezio haien herena galduta; baina babespeko etxebizitza oraindik ere garai bateko prezioetara lotuta dagoela, nahiz eta gaurko errealitatea erabat ezberdina izan, tartean izan diren astindu ekonomiko eta finantzarioen ondoren.

Hala, batzuetan gertatzen da (ez da berria baina bai deigarria), autonomia-erkidego zenbaitetan etxebizitza librea babespekoa baino merkeago dagoela jada -libreek prezioa hain baitute doitua-, eta, jakina, erosleentzat ez dira oso erakargarriak gertatzen. Gaztela-Mantxan, adibidez, etxebizitza librea babestua baino merkeagoa da; eta Murtzian edo Valentzian, berriz, paretsu dabiltza.

Euskal Autonomia Erkidegoan oso bestelakoak dira kontuak. Prezioak zehazteko orduan ministerioaren moduluei lotuta ibili beharrik ez dugunez, etxebizitza librearen aldean, etxebizitza babestuen prezioak oraindik ere oso-oso erakargarriak dira, aldea 1.265€/m2 baino handiago baita.

Datuak are eta deigarriagoak dira probintziaka. Itxura batean behintzat, hamar probintziatan etxebizitza librea babestua baino merkeago daukate. Hamar horien artetik, Jaenen, Leonen, Cuencan, Guadalajaran edo Toledon, salneurri babestuak erabat zaharkituta geratu dira.

Higiezinen burbuila lehertu izanak ezertarako balio izan badu, etxebizitza librearen salneurriak doitzeko izan da, eta errealitate berrira ekartzeko, higiezinen merkatu mugagabean harro-harro ibiltzen ohituta baitzeuden. Autonomia-erkidego batzuetan, ordea, badirudi etxebizitza babestua ez dela nahikoa erne ibili, ez dela gai izan prezioak beherantz zuzentzeko. Eta leku batzuetan, ez dago beste aukerarik; ez, behintzat, jabetzara iritsi ezin diren familiei -eta asko dira- konponbide hori ematen jarraitu nahi badugu.

Informazio gehiago:

http://www.fomento.gob.es/MFOMBPrensa/Noticias/El-precio-medio-del-m2-de-la-vivienda-libre-en-se/851b42c1-7c61-4dfe-b4fc-edf24274d645

http://www.fomento.gob.es/NR/rdonlyres/851b42c1-7c61-4dfe-b4fc-edf24274d645/131075/150601NPEstad%C3%ADsticavalortasadovivienda1T2015.pdf

http://www.elmundo.es/economia/2015/06/02/556c986046163f5f298b458f.html

Share and Enjoy:
  • Print
  • Digg
  • StumbleUpon
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Yahoo! Buzz
  • Twitter
  • Google Bookmarks

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude